2005/10/14 - Azken Hitza - lejp
Nahitara Jean-Louis Davant-ek duela guti gaur nik idazten duten leku berean erabili zuen titulua ebasten diot. Lehen begirada batean titulua baizik irakurri nuen bere artikuluan, eta ainitz maitatu nuen. Demokraziari buruz zer erran nahi zuen begiratu aintzin hasia nintzen gogoetetan : demokrazia printzipioaren oinarria herriak berak bere etorkizunaz erabaki behar duela da, eta gauregun maiz ikusten dugu herriaren nahia ez dela errespetatua. Davant-en lehen hitz horretarik abiatu naiz segidan zerrendatzen: euskal departamenduari buruzko kontsulta prefetak bere baitatik ezinezkoa dela erabakitzea, gaia berdinari lotutako auzapezen bozkari buruz Didier Borotrak deklaratua : "Auzapezen kontsultan ez dut parte hartuko; euskal departamenduaren aurka naiz", Laborantxa Ganbararen aurkako oztopoak, herri kontseiluetan bozkatutako diru-laguntzak (oraindikan ere) prefetak ezeztatzea.
Artikulua irakurtzean konturatu naiz gorago aipatu ditudanetarik ez zela pundu bat ere ez aipatua. Davant-ek 2x2 bide proiektuari buruz zuen idatzia. Nere zerrendan ahantzi nuen pundu bat. Demokrazi akatsen kasuan, iparraldea adibidez beteta da. Bereziki lurraldetasuna aipatzen delarik...
Maiz ikusi ditugu gure galderak errefusatuak "demokratikoa" izateko beharrezkoa omen den gehiengoa ez genuelako frogatua. Eta orai ikusten dugu gehiengoa alde dugularik ezin dugula hori frogatu, frogatzea legearen aurka badoala... Orroitarazi nahi nuke Jean Espilondok auzapezen kontsultari buruz deklaratu zuena : "Auzapezen kontsulta horrek demokratikoki ez du ezer balio. Bakoitzaren herriko biztanleen agindurik gabe ezin dute ikusmolde ofizialik eman." (Ez dakit Angelutarrak bozkarazi dituen jakin aintzin kontsulta huni buruz iritzi bat plazaratzen ahal zuenez, baina hori beste historio bat da...)
Demokrazia utopia bat dela bagenakien. Demokrazia propaganda arma bat dela egunero gehio ta gehiago deskubritzen dugu. "Enekin ados zirelarik ozen errazu, baina zure desadostasuna ez plazaratu."