2005/11/10 - Azken Hitza - lejp
"Liberté, égalité, fraternité" Frantses estaduak konturatu beharko du bere ametsak ezinko dituela aplikatu. Petto nagusia berdintasuna hitzan agertzen da. Hunen ordez ekitatea aukeratu baldin bazuen zerbeit lortzen ahal zuen, bainan... Zergaitik Frantziak ezinko du berdintasuna aplikatu ? Nik lau arazo ikusten ditut : legea, amets amerikarra, sistema ekonomikoa, eta gizartea.
Legeari buruz, ez da euskaldun batentzat sorpresa bat izanen erraiten badut berdintasuna legez aplikatzeko unifomisazioa parada bakarra dela eta denak desberdinak girenez eta desberdinak gelditu nahi dugunez (ez baigira nehor izaiten ahal ez baldin badakigu zertan ez giren beste norbeit) uniformitatea onartezina da. Zenzu horretan dabiltzan lege guziak borrokatuak izanen dira, edo gaizki aplikatuak. Ekitatea hartu balu helburu gisa pentsatzen ahal zen pertsona desberdin bakotxarentzat lege desberdin bat egitea, baina...
Bigarren arazoa amets amerikarra deitu nuen. Bi hitzez orroitarazteko zer den amerikar ametsa : denek, edozein mailatik abiatuz, gizartearen maila gorenat iristeko ahalbidea badute. Amets hori biziki zabaldua da, eta erran behar da, Frantzian egia da, baina ez da hori berdintasuna. Berdintasuna aukera-berdintasunean mugatuz ere akats bat bada. Hitz bat eskas da definizioan. Normalean denek, edozein mailatik abiatuz, gizartearen maila gorenat iristeko ahalbide berdinak behar lituzkete. Baina hori ezin da zerrendatu nuen hirugarren punduarengatik.
Hirugarren pundu hori aukeratua izan den sistema ekonomikoa da. Kapitalismoa, liberalismoa... Nozio horiek bi muga ezartzen dituzte berdintasunari : alde batetik elkartasun eskasa, berekoikeria bultzatuz ez dute ahalmentzen bakotxak bestea bere heinera iristea laguntzen, eta bestaldetik sistema horietan diruak dirua deitzen baitu desorekak azkartzen ditu, desberdintasunak sakontzen.
Azken pundua gizartearen arazo bat da : frantses estaduak ez du jakin bere lemaren hirugarren hitza, anaitasuna zabaltzen. Ekitatea bultzatu baldin bazuen anaitasuna lantzen ahal zen bakotxaren desberdintasunez konziente izanez denek elgarrekin hobetze baten alde aintzinatzeko, bainan... Bainan berdintasuna denez helburu diferentzi bakotxak pribilegio batzuen gisa ikusiak dira eta jeloskeria sortzen da. Jeloskeriak besteak baduena desiratzera eramaten du eta hori baino gehiago baduguna besteen kontra defenditzen. Helburua ez da gehiago denak hain bezain gora izatea, baina bakotxa besteak beste batzu baino gorago jartzea.
Gauregun autoak erretzen dira. Ez dakit ze irtenbide aukeratuko duen frantses gobernuak, baina arazoa konpondu nahi baldin badu (eta ez gordetu edo atzeratu) lana badu.