2005/07/06 - Azken Hitza - lejp
Txapela buruan eta ibili munduan. Uztailaren lehen egunak, eguraldi goxoak, bakantza giroa. Nora burua lanerako atxiki ? Egunak luzatzen direlarik, iduzkiak bizirik den gauza bakotxa indarrez betetzen duelarik, nahi bakar bat denetara zabaltzen da : bizitzeko gogoa.
Uda biziaren garaipena da. Garai huntan, sortzen duen aberastasuna aurpegira botatzen gaitu zegunda guziz. Mendien argi berezia, neguan baino irriño errexagoak edo gona gero eta laburragoak, iduzkiari esker biziak aurpegi berri bat erakusten gaitu. Aberastasun hori droga bat da. Behin jastatu duenak laster gehiago nahi du, horregatik uztailako lehen egun horiek onak dira txapela jansteko eta munduaren deskubritzera abiatzeko.
Mundua zabala da. Jendearen ainiztasuna, Amalurraren mila koloreak, musika doinu desberdinak, borroka mota guziak... Mundua zeharkatzen abiatzeko aitzakiak badira; eta biziaren aberastasuna deskubritzea delarik helburu, udako iduzkiak argian ezartzen duen aberastasuna, aitzaki baino hobeta eginbeharra aipatu beharko nuke. Herri ospetsu edo ezezagunak, auzoko mendiaren bestaldean edo itsas gaindi aurkitzen diren kontinenteetan, edonun atxematen ahal da gozatzeko leku bat, behin bederen ikusia izan behar duen paisaie bat, ezagutzen ez genuen kolore bat edo gure bizia markatu duen argi berezi bat. Jendearen ainiztasuna edonoiz aurkitzen ahal da, baina berotasunak, iduzkiak, argiak, usaian baino hitz bat gehiago ezezagunari ateratzea laguntzen du. Harremanak errexago dira. Udako irriño batek negu guziak balio ditu. Uda. Uda eta bakantzak. Uztailako lehen egun horiek momentu hoberenak dira lasaitzeko, musika nota bakotxean plazer iturri bat sortzeko, borrroka guzieri izpiritua idekitzeko, energia biltzeko ikusiz mundua salbatzen ahalko dugula.
Uda eta bakantzak. Batzuek erranen naute ez dela denen egoera eta uztaila ere beren bulego aintzinean pasako dutela; mundua ezinko dutela gaur deskubritu. Erantzunen nioteke laneko izanez ere errexa dela asteburu bat bi eguneko bakantza batzu konsideratzea. Uda hor da, eta ezinezko baldin bazaiote mundura joatea, mundua haiei etortzen ahal da. Jendeen ainiztasuna, Amalurraren mila koloreak, musika doinu desberdinak, borroka mota guziak... Horiek denak EHZ festibalan aurkituko dituzte... Udako irriñoz betetako uztailako lehen egun horietan.