2006/06/23 - Azken Hitza - lejp
Omen asteazken huntan, Baionako hirian bakarrik, 80 kontzertu desberdin bazirela. Musika nortasun eraikitze prozesu batean gauza garantzisua da, horregatik merexi luke gibelapen pixka bat hartzea asteazkenean iragan den gauari buruz.
Luzaz musika herri baten kulturari lotua zen. Historioa, ohiturak, baloreak, leiendak, biziaren erritmoa... Horiek denak musika eta kantuaren bidez transmitituak ziren. Ezagutu dugu ere musika militantea. Arlo hortan aipatzen ahal dugu Euskal Herrian ezagutu ditugun bi adibide argienak : kantaldi abertzaleak eta euskal rocka.
Herri batetik bestera, klase sozial batetik bestera, ideologi batetik bestera, ez ziren artista berdinak, ez ziren erreferentzia berdinak... Baina azken hamarkada horietan, musikaren mundua zabaldu da. Existitzen ziren mugak desagertu dira. Aberastasun berri bat? Bai. Nola uka beste mundu batzuei idekitzea aberastasun bat dela, kanpoan egiten dena ez ezagutzea onartezina dela ?
Baina proposamen gehiegi badelarik beti aberastasun bat ote da ? Asteazkenean, Baionan, 80 kontzertu baziren. Ez ditu nehorrek 80ak ikusi. Bakotxak hautu bat egin du, eta arrisku bat da egunen batez denek (edo ainitzek) hautu berdina egitea, uniformizasio fase batean sartzea...
Gainera, ez da ahantzi behar gure gizartean dena lotua dela : kultura, teknologia, informazioa... Dena bat da. Telebixta, publizitatea, internet : hiru elementu horiek jadanik garantzi handi bat hartua dute gure gustu musikaletan, eta jadanik biziki uniformisatuak dira. Interesgarria litzake kondatzea asteazkenean Baionan jokatu duten taldeetarik zonbatek edonun munduan arrakasta berdina lortzen ahal luketen.
Musikaren besta aberastasun handi bat da bere desberdintasunari esker. Desberdintasun hori atxiki nahi badugu, jakin beharko da egun horretarik aparte "erresitenzia musikala" gune batzuen zaintzen : Musik'herria disketxe berria, EHZ festibala...