2007/03/16 - Azken Hitza - lejp
"Errua ez da gurea !" Nahiz eta lema hori ez den sekulan ohiukatua izan, larunbatean Miarritzen iragan den manifestaldiaren mezuetarik bat izan da. "Agentzi harrapalariak", "Kanpotiar burgesek prezioak igoarazten", "Frantses estaduaren kolonisazio prozesua"... Higiezinen saloiaren aurkako ekitaldia nagusiki zaku huste zabal bat izan da. On egiten du noiztenka haserrearen zapartatzen uzteak. Saloi horrek, bereziki, egina zen moduan, salatua izatea merexia zuen. Etxebizitzaren arazo handiena, merkatu librean oinarritua dela da, eta saloiaren antolatzaileek ez dute ezer egin horren mugatzeko...
Bai, saloi hori salatu behar zen. Bai, agentzia batzuek dirua egitea dute helburu. Eta bai frantses batzuek begi onez ikusten dute urtero heldu diren kanpotiarrak gure gizartean integratzea erakusten dugun gaitasun eskasa. Bai, bainan... Jakin beharko da hori dena depasatzen. Batzuek salaketa fase bat behar zuten, eta lortu dute. Orai hasi beharko da eraikitzen. Hasi beharko da berriro gogoetatzen, arazoaren iturri guziak identifikatzen eta ulertzen, irtenbideak xekatzen...
"Besteen falta da" mezu sinplista hori gainditu behar da. Dena kanpotiarren eta agentzien gain ezartzea karikatura da. Gizartearen konzientisazioarendako alde onak baditu, eta manifestaldi hunen inguruan izan den kanpainak hori ekarri du : jende ainitzek egoera onartezina dela ulertu dute. Bigarren fase batetara pasa behar da orai : jendarteari arazoa konpontzeko gogoa eman. Horretarako, estrategiaz aldatzea beharrezkoa da : gauzak konplexuagoak direla ulertarazi, bakotxak gure erru ttipia badugula onartarazi, eta irtenbideak proposatu.
Lan handia da. Baina badira jadanik urte batzu batzuek bide hori hartua dutela, eta 12 hilabete gelditzen dira higiezinen saloiaren hurrengo edizioa aintzin. 2008an ez da 2007an bezala pasatzen ahal. Ezinezkoa bada saloiaren eginmoldea aldatzea, beste ekitaldi bat sortu beharko da (saloi alternatibo bat edo bertze). Baina salaketa depasatuko beharko da proposamena denbora batera iristeko.
Etxebizitzaren arazoa "konplotaren teoria" baten atzean maskatzen badugu, ez baldin bagira jendartea horren depasatzera eramatea gai, ezingo ditugu irtenbide batzu eraiki.