2007/10/31 - Azken Hitza - lejp
Larunbatean, Lutxo Dassance-ek bere iritzia agertarazten zuen azken hilabete hauetan etxebizitzaren arazoari buruz idatziak izan diren artikulu batzuei buruz. Damutzen zen problematika honetan bi ikusmolde agertzea, erranez arazoa garrantzitsuegi zela alderdi abertzaleak horretan zatitzeko.
Aitortu behar dut ez dutela irakurketa berdina. Neretzat, arazoa handiegi da azaleko postura batzuetan gelditzeko. Izan den eztabaida bizi interesgarria izan da, eta beharrezkoa da urrunago eramatea oraindik. Lurra eta etxebizitzaren borroka ezin dugu galdu; sobera ondorio badituen gaia bat da. Baina horrelakotan, hitzak eta lemak ez dira aski. Behar da salatu, proposatu, irudikatu, influentzatu, tresnak sortu, gure esku direnak baliatu, eta eraiki. Hori dena biziki ikusgarri eta pedagogikoa izanez. Horregatik arazoaren mamian sartu behar da, eta geruza guziak analizatu.
Ez, erru guzia ez dute kanpotarrek eta agentziek. Beste hobendun ainitz badira : estatua (dena merkatu librearen bidez konpondu nahi duena), herriko etxeak (ez dutenak aski eraikitzen, edo pilota plazak aparkaleku bilakarazi dituztenak, behartuz bakoitza bere baratzea ukaitea), enpresak (kanpotarren konpetentziak behar dituztenak edo hemengo jendea ez dutenak aski pagatzen), laborariak (laborantza lurretan seme-alaba bakoitzarentzat etxe bat eraikitzen dutenak edo haien lanari esker gure mendiak atraktiboak bilakatzen dituztenak), euskalherritarrak (lurrak saltzen dituztenak edo 5000m_-ko eremu batean bizi direnak), eta beste milaka. Zein helburu ? zein eredu ? Zein podere ? Zein ekintza askatasuna ? Zein muga ? Geruza bakoitzak mila galdera eta mila erantzun sortzen ditu...
Arazoa ez da sinplea. Ez du amankomuntasun karikaturara batek konponduko. Lanak, ekintzek eta erantzun konkretuek segitu behar dute. Salaketak ere. Eta hori guzien paraleloan, eztabaida sakondu behar da oraindik.
Kolektiboek ez dute alderdi baten iritziak segitzeko bokazioa. Ez lukete arazorik ukan behar ikusmolde desberdineko jendea biltzeko. Normalean eztabaida aberatsa batetarik heldu diren ekintzek dute mundua aldatzen.