2008/01/29 - Azken Hitza - lejp
"Terroristak", "arrazistak", "mafia", "Capbreton", "Donapaleu"Š Hitz batzuz, Sarkozyk lortu du dena nahastea, dena zikintzea... Usaiatuak gira, bai... baina beti min egiten du.
Abertzale izanki, gu eta gutarren arazoez okupatzen gira. Gu eta gutarrak. Gutarrak baitira gure auzoak, gurekin bizi direnak, gure etorkizuna gurekin eraiki nahi dutenak. Abertzale gehiengoarentzat, gutarrak hori biziki zabala da. Aski da gauza batzuetaz ohartzea, errespetu minimo bat erakustea, edo zerbaiten partekatzeko nahia ukaitea gutarrak horretan integratua izateko.
Arazoa da jende ainitzek ez dituztela abertzaleak ezagutzen, eta haiendako beti "hetsiak", "iraganistak", "arrazistak" edo "terroristak" izanen girela. Munduan zehar, a priori mespretxagarri bat bada, euskaldunen kontra zabaldua, eta a priori horrek ate ainitz zerratzen dizkigu. Badira mila iniziatiba hemen gaindi merexi duten arrakasta lortzen ez dutenak. Izan dadin Batera (lurralde batetako hautesleen %20aren izenpedura fisikoa biltzen ari dena), Laborantza Ganbarak hiru urtez eramandako lana, edo GFAM Lurra bezala arlo guzietan sortu diren elkartasunezko aurrezki sistemak, iniziatiba horiek prentsa guzien interesa sortu behar lukete. Eta hori gertatuko litake, kazetariek "terrorismoa" edo "arrazakeria" ustegabean sustengatzea ez balitza beldur.
OGM-en kontra xutitu direnek lortu dute, borroka luze baten ondotik, "bortitzak", "hetsiak", "iraganistak" ez zirela haiek, baina zientismo hutsean mugatzen zirenak, ulertaraztea. Esperantza iturri bat horretan ikusten ahal da. Baina José Bové et Jon Harluxet batek ez dute abertzale mugimenduak duen irudi hain "degradatu" bat, eta, gainera, zuzenki haien borrokaren ondorioez kezkatua den publikoa biziki zabala dute.
Abertzaleen "gutarrak" hori ez da aski izanen arazo guziak konpontzeko. Zirkulu hunen kanpo diren jendeen sustengua beharko dugu noiztenka, eta hori lortuko dugu gure kontra diren a priori guziak hautsiko ditugularik. Baina atentatu bat baden aldi oro, kanpotiarrak gure arazoen errudun bakarrak direlarik erraiten delarik, hautetsi bat trakta batean irainatua delarik edo manifestaldi bat enfrentamendu batean bukatzen delarik, abertzaleek baliagarri litaken irudi bat izanen dugun eguna urruntzen ikusten dugu.