2008 - Azken Hitza - lejp
Urrats bat berri bat pasatua izan da : Xavier Darcos ministroaren proposamena bururaino eramana baldin bada, morala kurtsoak berriro izanen dira eskoletan. Morala, politezia, baloreak... ez dira gauza txarrak. Eta edozoin erakasleri galdetzen ahal da, egunero transmititzen dituzten gauzak dira. Baina irailatik goiti, estaduak du erabakiko zer erakatsi beharko duten. Eta pentsatzekoa da haurrak xutitzea frantses himnoa entzutean ez dela denen gustukoa izanen.
Eskuina poderean den geroztik, eta oraindik gehiago Sarkozy lehendakari denez geroztik, gizartea aldatzeko nahikeri bat agertzen da, eta beldurgarria da. Christine Boutin-ek etxebizitzaren arazoaren irtenbideak pribatuan xekatu behar direla erraten duelarik, François Fillon-ek Frantziaren moltsak hutsak direla deklaratzen duelarik, edo Sarkozy-k ezin duela enpresei hilabetesariak igotzea eskatu aitortzen duelarik, eskuinak jendea isolatzen du, estaduaren babes historikoa kenduz. 35 orenak zangopilatuz, edo Tarnosen bezala greba dretxoa erosten utziz, jendea zinezko lanjeran ezartzen du. Paraleloki, "bide onetik" baztertzen direnak gero eta gogorrago (eta publikoago) zigortuak dira. Senatoreek JAO segalarien kontra bozkatu duten legea ikusten delarik, edozein garde-à-vue-rendako polizia goizeko 6etan etxeetan sartzen dela jakiten delarik edo zein bortizkeriarekin errefuxiatu zentroak husten direla entzuten delarik, alternatiba batzuen miatzeko gustua galtzen da.
Sistematik aparte ez dago bizirik, eta ez da nehor segur izaten ahal bere lekua sistema hartan luzaz atxikiko duela. Zer aukera gelditzen da beraz ? Ixildu, bere burua ttipi-ttipi egin, eta eskolan ikasitako morala aplikatu ez baztertua izateko. Zeru xoko ttipi batentzat borrokatu ez infernua ezagutzeko. Georges Orwell-en "1984"-eko amets gaixtoa beranta pixka batekin aplikatua...
Bainan... Historiak jadanik frogatua du ez zela beti errexa populazio oso bat luzaz manipulatzea. Itun konstituzionalaren kontrako uholdeak, "coordination étudiante et lycéene" erakundeak eramandako greba eta okupazioak, Txetx edo ELB-ko 6 laborarien atxiloketen ondoko mobilisazioak, Lurrama, Batera... Kandela aski baditugu amets ilunenak argitzeko.