Neguaz primadera zenean jabetu,
Sasi baten hegian apexa zen sortu ;
Leku berean baitzen lorea gertatu,
Gaixoek elgar zuten bihotzez maitatu !
Iguzkiak ihintza pizten duenean,
Apexa doa beti hegalez airean ;
Nahi luke loreak segitu bidean,
Girtoinak zertako du gelditzen lurrean ?
L. - “Nere besoak ditik ihintzak zerratzen,
Ondikotz ! iguzkiak goizean urratzen !
Zertako haiz hi beti nitarik urruntzen ?
Hi guan eta badakik, nigarrez nauk hurtzen.”
A. - “Zertako negar egin, o lili maitea ?
Egunaz iguzkia dun nerea jabea ;
Goizetik lorez lore dinat nik bidea ;
Iguzkia sartzean beti naun hirea ...”
L. - “Goiz guziez adio, arratsean agur,
Egunak luze dituk, gauak aldiz labur ;
Nere nigarrez otoi ez hadila samur,
Zeren hire galtzeaz beti nauk ni beldur.
Iguzkiak goiz batez zenean agertu,
Lorearen besoak zituen urratu ;
Bi maitek zutenean elgar besarkatu,
Apexak haizeari hegalak hedatu.
“Haize bihotz gabea zertako herritik
Ereman duk apexa mendien gainetik ?
Zertako duk urrundu maitearen ganik ?
Hegaztin gaixo horrek ez zian hobenik.”
“Apex hegal flakoa, geldi hadi, geldi ;
Utziz bozkarioa, doluan sar hadi :
Zertako haiz fidatu haize gaixtoari ?
Lorearen gainera lurra duk itzuli !...
A. - “Maitea, kausitzen hut lurrez estalia !
Jainkoak bere ganat deitu hau, lilia !
Hi lurreko hindudan sosegu guzia ;
Hil haiz !.. Orai neretzat deus ez dun bizia...”
Oraino iguzkia zoan inguruan
Apexa zenean hil bere sor lekuan...
Izan baitzuen aski zorigaitz munduan,
Agian Lorea du kausitu zeruan !