Euskal Herriko xoko batean
Nafarroaren ipar aldean
mendi gailur bi bistan direla
eskuin Baigura ezker Iparla.
Bien erdian ni ametsetan
bihotz minean esku hutsetan
gorantz begira,
joan ezin nintekeen mendira
kate tristeok laburrak dira.
Inoiz irten naiz etxetik gora
oihan zokotik mendi kaskora.
Goizean goizik etxera sartu
nehor ez dadin nitaz ohartu.
Egun, euriak harrapatzean
sartu naiz ardi borda batean
argi begiak,
ikatzez margoturik hizkiak
gerla garaiko iheslariak.
Euskal izenak dagoz lerroan
haien urratsak ditut gogoan.
Beren lurretik doaz ihesi
itzulerakoik ez dut ikusi.
Urteen karga hor daramate
Euskal Herria zer den diote.
Bihotz dardara...
Ni ere berdin nator bordara,
zu kondairaren gordailu zara.
Egur zaharreko lanai begira
galdezka nago : non ote dira ?
Hainbat iragan zure barnetik
orain ni ere bide beretik.
Borda zahar zure baitan dabila
abertzale on oihu ixila.
Zaude lekuko.
Egiaz joka nahi dugulako
gure burruka ez da galduko.
Zu hor zutitu zintuztenetik
zenbat hil dira herriagatik ?
Ikusi duzu hainbat gudari
odol isurtzen bere lurrari.
Abertzaleak ez du etsiko
etsaien esku ez du utziko.
Zu ez erori.
Ireki zugan heldu denari
lehengo liburu zahar bat iduri.
Euskal sustraien arnas bizia
zutan badago zer ikasia.
Barkatu gure eskerrik eza
jarrai eskaintzen zure babesa.
Gure lurrean oinperatuak
bakardadera kondenatuak,
gu eta euskera
zure barnean bilduko gera
zazpi lurralde denok batera.