Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik,
denik eta bizitza bakarra bizi dutelako.
Entzun, astiro doa denbora, idi gorrien gurdi hori.
Begira erlojuetako orratzak uneka, uneka herdoiltzen.
Zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan
edo laku urdinen hondoan, bizitza bakarrean.
Eta zenbat aldiz galdu naizen behelainotan
basoilar izateko ametsetan dabiltzan kurloiekin.
Ene desirak iada ez dira habi abandonatuak besterik
ene bihotzean eguzkia gurpil ahul bat da.
Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu,
bizitza hau bakarra delako, gal ez dadin, ibili ez
eta senditu ere ez, harriak lez izan nahi dut,
mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua,
lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian