Gure euskera eder maitea
Galtzen gaur degu ikusten,
Euskaldun onak arritzeko da
Nola ez diran lotsatzen !
Larramendirik, Astarloarik
Ez da gehiago aipatzen ...
Ez da utsegin haundiagorik
Ondo badegu pentsatzen.
Galdu dirade ohitura onak,
Galdua degu Euskera...
Hola bagaude, ehun urte barru
Galdu da gure izena !
Erro, Aizkibel ziran bezela
Erakusterik gaur ez da,
Gure euskera... ai ! galtzen bada
Gu ... euskaldunak ez gera !
Nola isildu eta barkatu ?
Etorkizunen Kondairak
Arrazoiakin esango digu :
“Nun dira zuen ohiturak ?”
Damu dute bai ... gaur euskaldunak
Lotsa pixka bat dutenak,
Aspaldi esan duten bezela
Gizonik jakintsuenak.
Dala Parisen eta Londresen
Jakintsu asko badira ;
Euskerazko / liburu zaharren
Ondoren ibiltzen dira...
Hor da Luziano, printzipe ernaia
Orain guretar deguna,
Euskerazale bikain - bikaina,
Jakintsuetan haundi dena.
Arren, ez bada galdu euskera,
Nere anaia maiteak !
Galtzen badegu... galduak gera
Gu eta gure semeak.
Beti euskeraz hitz egin, bada,
Oso zahar ta gazteak,
Esan ez dedin denok gerala
Euskaldun bihotz gabeak.