Gauaren ordez esnatu zaigu
Egunsenti bat apala,
Bere argitan ez da nabari
Eguzkiaren ahala.
Dizdira baino nabarmenago
Laiñoa eta itzala,
Ke sakon batek estaltzen baitu
Euskal lurraren azala.
Lehen zen illuna, beldur luzea,
Eziña eta dardara,
Lanaren sari debeku latza,
Kartzela eta ikara.
Iragan hortan oker trabatuz
Begiratzen dut nik hara
Eta entzuten lehengo jabeen
Disimulozko algara.
Ez du lur honek etsirik hartu,
Urratu ditu bideak,
Heriotz gorriz hilak izanik
Lagunak eta kideak,
Nun dira haien itsaontziak,
Nun pasadizu trebeak,
Beldurra ere ematen baitu
Joanaz gogoratzeak.
Erreduraren errauts artetik
Sortzen ari da lorea,
Nahiz oraindikan bere jantziak
Izan ubel ta morea.
Apalki ari da margoz apaintzen,
Ez da iadanik gordea,
Bere harrizko zaintzale ditu
Auñamendi ta Gorbea.