Ikusten duzu goizean,
argia hasten denean,
menditto baten gainean :
etxe ttipitto aintzin xuri bat
lau haitz handiren artean,
iturritto bat aldean,
xakur xuri bat atean,
han bizi naiz ni bakean.
Nahiz ez den gaztelua,
maite dut nik sorlekua,
aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo
zait iruditzen
nonbait naizela galdua ;
nola han bainaiz sortua,
han utziko dut mundua,
galtzen ez badut zentzua.
Etxean ditut nereak,
akilo, haitzur, goldeak,
Uztarri eta hedeak ;
Iazko bihiez, ditut oraino,
zoko guziak beteak ;
Nola iragan urteak,
emaiten badu bertzeak
Ez gaitu hilen goseak.
Landako hiru behiak,
esnez hanpatu ditiak,
ahatxe eta ergiak,
bi idi handi kopeta zuri,
bizkar beltz, adar handiak
zikiro bildots guriak,
ahuntzak eta ardiak,
nereak dire guziak.
Ez da munduan gizonik,
erregerik ez printzerik,
ni bezein urusa denik :
badut andrea, badut semea,
badut alaba ere nik
osasun ona batetik,
ontasun aski bertzetik,
zer behar dut gehiago nik ?